XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero haren gainera elur pila bat bota eta palaz eta mailuz prentsatu. Guztia orbel eta iratxez estali eta berriro elur gehiago bota, oraingoan kantitate txikiagoan, eta berriro ere prentsatu eta iratxe eta orbelez estali. Behin eta berriz egiten zuten gauza bera elurtegia guztiz estali arte, azkenean belar sikuz tapatzen zutelarik.

Ezagutzen diren lehenengo elurtegiak XVII. mendearen hasieran eraiki ziren eta mende honen hasierara arte martxan izan dira. Beherago beste elurtegi bat dago, baina hemen ez dirudi inolako eraikuntzarik egin zutenik, zulogune natural bat aprobetxatu besterik.

Eskuatik Ollomendira doan aldai zabal eta oso pikean behera ekingo diogu gero bideari, Ollomendin Olarretatik Mañarira doanakin bat egiten duelarik. Hemen behera goazela Aramotz mendizerra izango dugu aurrean bere hedadura guztian, lehenengo Larrunganeko hormatzarra eta Artatzagane aurkeztuko zaizkigularik, eta zerbait eskuinetara Mugarrako horma zuta.

Inunganetik Mañarirako ibarbidean teilatutxo gorri bat bereiziko dugu. Aitekurutzeko ermita dugu, lehen goratxoago zegoena, erdi Dimako lurretan eta erdi Mañarikoetan. Desagertu zen ermita honetako Santo Kristoa Obako ermitan dago egun. Ollomendin ezkerretarako aldaia hartuko dugu eta Olarreta mendilepora eramango gaitu.

Eskuako bideseinaletik hona heltzeko 27 bat minutu behar ditugu. Mendilepo honetan ezkerreko aldaia hartuko dugu, beherantz doana. Eskuinekoak Inungane mendilepora ginderamatzake.

Orain harturiko aldai zabal hau pinu artean doa zati handi batean. Basabiletik pasako gara eta bertan alde bietan ardi txabola bana ikusiko dugu. Ordu erdi inguruan San Lorentzo ermitara helduko gara. Ermita hau lehenago beheratxoago egon zen. Hemen dagoen iturriaren parean, errepidea zeharkatuko dugu eta Baltzolatik behera datorren aldaia alde batera utzita, hurrengoa hartuko dugu, gorantz doana, Bargondia haitzerantz egiten duena. Pista honetatik Aramotz ikusteko bista itzelak ditugu. Larrunganetik Pagozelai-raino, baita Bikarregi, Biteriño, Oba, eta Artaun ikusteko ere.